Ez ohiko uda honetan, herrietako jaiak bertan behera geratu dira Euskal Herri osoan. Bertso saioek jaiekin lotura handia izan dute betidanik eta herrietako jaiak bertan behera uzteak asko eragin dio bertso jardunari ere. Udako sasoiari dagokionean orokorrean ziurgabetasun handia egon da eta gora behera asko; normaltasunik ez dago inondik inora eta saio asko lotu eta bertan behera geratu dira momentuko egoeraren arabera, bi aldiz lotu eta bi aldiz bertan behera erori diren saioak izan ditugu.
Udazkena ere bide beretik dator eta kezkaz begiratzen diogu. Konfinamenduan plazen %100-a galdu bazen ere, gaur egun lehengo kopuruen %25a egiten da bakarrik. Era berean, antolatu diren saioek oso erantzun ona eduki dute bertsolari eta bertsozaleen aldetik, baita antolatzera animatu diren antolatzaileen aldetik ere.
Plazako jaialdiak izan dira egin diren gehienak, eta otordu bueltakoak zein libreko saioak eten egin dira. Kultur ekitaldiak seguruak direla frogatu den arren, ziurgabetasunak eta beldurrak kalte handia eragin du.
Iraila, urria eta azarora begira ere bertso saioak antolatu dira baino egunetik egunera egoera aldatzen denez kezkarekin begiratzen diogu.