Lagun arteko bazkaria
Bazkari baten bueltan egiten diren saioak dira. Jatetxe, elkarte gastronomiko edo herri-bazkarietan antolatzen dira. Gai-jartzailearekin edo gabe izan daiteke. Gai-jartzailerik gabe denean, bi bertsolarik kantatzen dute saio hauetan, baina gaiekin bada, gehiago ere izan daitezke. Aparteko berezitasunik ez bada, otorduaren amaieran hasi ohi da saioa, eta antolatzaileak eta bertsolariek adostutako iraupena izan dezake. Gai-jartzailerik ez dagoen saioetan, ingurua edo kontestua izaten dute hizpide bertsolariek.